Edukira joan

Irakurketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Neska bat irakurtzen
Mendebaldeko gizarteetan aspalditik eskolan ikasi eta landu egin izan den abilezia da irakurketa.

Irakurketa prozesu kognitibo konplexu bat da[1], zeinetan sinbolo edo grafemak dekodetzen diren eurengan dagoen esanahia eraiki asmoz. Prozesuan oinarrizko elementuak albo batera utzi eta euren esanahiaren analisiari jartzen zaio arreta.

Irakurketa hizkuntza bat ikasteko, komunikatzeko edo informazioa eta ideiak partekatzeko sistema da. Hizkuntza guztietan bezala interakzio konplexu bat dago testua eta irakurlearen artean, irakurleak berak duen aurreko ezagutza, esperientziak, jarrera eta hizkuntza komunitateak eragina. Irakurketa lortzeko praktika behar da eta denborarekin hobetzen den teknika.

Alor akademikoetan asko dira irakurketari lotuta landu beharreko alderdiak[2][3]. Ikastetxean hainbat jarduera[4] egiten dira ikasleak irakurle konpetenteak izan daitezen. Ikasleek askotariko testuak[5], erabilera-eremu askotarikoak ulertu eta interpreta behar izaten dituzte. Irakurketa azkarrak eta azalekoak egiten, —eskaneatzen eta informazio jakin bat bilatzen—, ikasi behar dute eta irakurketa sakonak[6] egiten ere ikasi behar dute.

Ikastetxe askotan hori guztia lantzeko irakurketa planak[7][8][9][10] egiten dituzte. Ikastetxeetan ikasleak bikoteka irakurtzen[11][12] jartzen dira, irakurketa kooperatiboa egiteko teknikak erabiltzen dira, solasaldi literarioak[13] antolatzen dira, etab. Askotariko jarduerak egitea proposatu ohi da[14].

Irakurketarako konpetentziaren definizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakurketarako konpetentzia terminoa erabili izan da, "irakurmena" hitzaren ordez. Horrekin adierazi nahi da ez kontua ez dela deskodetze hutsa, ezta ahots goraz irakurtzeko gaitasuna. Irakurketarako konpetentziak hainbat konpetentzia kognitibo eta linguistiko hartzen ditu bere baitan. Konpetentzia hitzak, ezagutzaz gain, irakurketarako konpetentzia egoera askotan eta helburu anitzetarako aplikatzeko gaitasuna adierazten du.[15]


Hau da PISAk 2018ko Irakurketaren Marko Teorikoan ematen zuen definizioa: Irakurketarako konpetentziak barne hartzen ditu testuen ulermena, erabilera, ebaluazioa, hausnarketa eta konpromisoa, helburu propioa lortzeko, ezagutza eta gaitasun pertsonala garatzeko, eta gizartean parte hartzeko.[15]

Irakurketa digitalaren konpetentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakurketa aldatzen ari da eskuz paperean dauden testuetatik edo inprimatutako testuetatik testu digitaletara eta, horrekin batera pantailetan erabiltzen diren testu-genero berriak agertu dira: mezu elektronikoak, foroak, aplikazioen jarraibideak, webguneak... Paperezko euskarrian dauden testuak eta pantailetan dauden hipertestuek irakurtzerakoan irakurleak ahalegin mota desberdinak egiten ditu. Irakurketa linealagoa edo adar askotarikoa egin behar. Irakurle gaituak testu digitalen ezaugarriak ezagutu behar ditu eta horien irakurketarako konpetentzia garatu behar du, helburu anitzetarako erabiltzeko.[16]

Horretaz gain, irakurleak jakin behar du behar dituen testuak bilatzen eta horiek atzemateko bilatzaileak, menuak, estekak, webguneetako fitxak... erabiltzen. Nabigazioa irakurketa digitalaren funtsezko osagarria da, izan ere, irakurleak testu propioa ekoizten joaten dira nabigatu bitartean. Irakurle onenek hainbat estrategia dituzte nabigazioa eraginkorra izan dadin, bisitak gutxiagotuz eta beharrezko informazioa eraginkortasunez aurkituz. Beraz, gaur egungo irakurleak teknologia berrietan alfabetatuta egon behar du.[16]

Testu digitaletan irakurri nahi den hari nagusia galtzea errazagoa da. Irakurleak estimulu gehiago dauzka paperean baino eta errazagoa da hari nagusitik irtetea, eta konturatu orduko prokastinatzea.

Irakurleek duten informazio kopurua gero eta handiagoa da; gehienetan ez da nahikoa izaten testu bakar baten irakurketa, irakurleak testu mota askotarikoak irakurri behar izaten ditu. Testu mota askotarikoen erabilerak berekin dakar horien informazio iturriak, kalitatea eta sinesgarritasuna ebaluatzeko gaitasuna garatu beharra. Gaur egun, alfabetatze digital adimentsua beharrezko konpetentzia da ezagutzaren gizartean parte hartzeko.[16]

Literaturen irakurketarako konpetentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura irakurketan, irakurleek testuarekiko konpromisoa hartzen dute gertakarietan, ezarpenetan, ekintzetan, ondorioetan, pertsonaietan, atmosferan, sentimenduetan eta ideietan inplikatzeko eta hizkuntzaz gozatzeko. Literatura hobeto ulertu eta balioesteko, irakurle bakoitzak bere bizipenak, sentimenduak, hizkuntzaren estimazioa eta forma literarioen ezagutza eraman behar ditu testura. Irakurle gazteentzat, literaturak oraindik aurkitu ez dituzten egoerak eta sentimenduak aztertzeko aukera eskain diezaieke, ikuspegi edo ikuspuntu alternatiboak ulertzen eta aztertzen lagunduz.[17]

Fikzio narratiboan irudikatutako gertakariek, ekintzek eta ondorioek aukera ematen diete irakurleei bizitasunez bizitzeko eta, imajinatuak izan arren, bizitza errealekoak argitzen dituzten egoerei buruz hausnartzeko. Testuak narratzailearen edo pertsonaia nagusiaren perspektiba aurkez dezake, eta testu konplexuago batek hainbat ikuspuntu ere izan ditzake. Informazioa eta ideiak zuzenean edo elkarrizketa eta gertaeren bidez deskriba daitezke. Ipuin edo eleberri laburrek, batzuetan, kronologikoki kontatzen dituzte gertakariak, edo beste batzuetan, berriz, denbora erabiltzen dute flashback edo denbora-txandekin.[17]

Mendebaldeko hezkuntza sistema gehienen helburua izaten da ikasleak hainbat genero literariotako testu motekin harremanetan jartzea.

Ekintza ardatzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irakurmena lantzeko kontuan hartu beharrekoak. 1. Irakurtzen ikasi behar. Gure kulturan umeek bospasei urte inguru dauzkatenean egiten dira aurrerapenik ikusgarrienak. 2. Komunikazioaren alderdi hartzailean, entzumenaren ostean, gure kulturan, irakurmena dago. Informazioa lortzeko eta ikasteko irakurtzen da. 3. Irakurzaletasuna. Gure inguruko hezkuntza sistemetan helburu bat da ikasleak irakurtzen trebatzea eta irakurtzeko zaletasuna sortzea.

Irakurketa, modu sistematikoan lantzeko, hiru ekintza ardatz proposatzen dira EAEko Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusitik-eta[18]. (Eskuineko irudian, koloreetako hiru zirkulu horietan, hiru ekintza ardatzen eskema).

Askotariko testuak[5] irakurtzea aholkatzen da eta testu horiek lantzeko askotariko jarduerak[14] egitea.

Irakurtzen ikastea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure kulturan umeek gutxi gorabehera 5-6 urterekin ikasten dute irakurtzen. Batez beste. Batzuk lehenago, beste batzuk beranduago. Baina irakurtzeko trebezia hurrengo urteetan segitzen dute garatzen. Bi dira azken urteotan erabili diren metodoak: metodo globala eta metodo fonologikoa[19].

Metodo globalaren bidez ikasleari erakusten zaio hitzak bere osotasunean antzematen. Ikerketen emaitzek, ebidentziek, metodo globalaren kontrako argudioak ematen dituzte baina oraindik ere eskola askotan erabiltzen da.

Metodo Fonologikoan, ordea, ikaslearen kontzientzia fonologikoa areagotzetik abiatu egiten dira, eta ikasleari fonema → silaba → hitza → sintagma → perpausa → testu katean gora egiteko bidea erakusten zaio[20].

Azken urteotan, ikerketa asko egin dira bi metodoak konparatzeko eta badirudi euskara bezalako hizkuntzetan, non erregulartasun handia dagoen grafia zeinu eta fonemen artean, metodo fonologikoak emaitza hobeak lortzen dituela[21], nahiz eta irakasle gehienek, oraindik ere 2018. urtean, kontrakoa pentsatzen duen[22].

Ikasteko irakurri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irakurketa lantzeko hainbat estrategia erabil daitezke. Bai irakurketa aurretik girotzeko, bai irakurri bitartean arreta eta ulermena hobetzeko, bai irakurri ostean testuaren ulermena areagotzeko, baieztatzeko.

Ikasteko, asko irakurtzea gomendatzen da, mota askotariko testuak lantzea, eta testuak lantzeko hainbat estrategia[23][4] erabiltzea ere gomendatzen da, egindako ahaleginari ahalik eta etekin handien ateratzeko[24].

XXI. mende honetan, modu askotan irakurtzen da[25]. Pantailetatik[26] eta paperetatik. Testu eta hipertestu mota asko erabiltzen ditu irakurle arrunt batek egunean zehar: txat mezuak, posta elektroniko mezuak, albisteak, laneko jarraibideak, azalpen testuak...

Irakurketa ekintza soziala bihurtzea da kontua. Irakurritakoari buruz aurretik hitz egitea eta irakurri ostean solasaldia sustatzea praktika akademiko ona dela sinisten da gaur egun. Irakurri bitartean irakurleak ahalik eta jarrera aktiboen izatea lortu behar du.

« Modu eraginkorrean irakurtzeko, irakurketaren hiru faseei lotutako estrategiak garatu eta landu behar dira. Hirurak oso kontuan hartu behar dira ikasgelan, eta modu koherentean eta planifikatuan landu irakasgai guztietan. »

—Irakurketa lantzeko orientabideak. Derrigorrezko Bigarren Hezk. Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila. 2013.

1. Irakurri baino lehen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautatu testu egokia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Liburu barrura (Maite Mutuberria, 2020)

Nork hautatuko du testua? Irakasleak? Ikasleak? Ikasleak irakasleak emandako informazio iturri jakin batzuetatik? Hautatzen ditugun testuak mota askotarikoak dira?[27]

Girotze lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaskuntza munduan, irakasle batek ikasleei testu bat irakurtzeko proposatuko balie, testua irakurtzeko jakin-mina sortzeko girotze lanak egin beharko lituzke.

Esate baterako honelako galderak, eginez: Testua, gainetik begiratuta, zelako testua da? Nondik aterata dago? (Paperezko bada, nondik atera da?, formatu digitaleko testua/hipertestua bada, nondik?). Nork idatzi du testua? Zein izango da testuaren helburu nagusia? Zein da testuaren gai nagusia? Testuaren gaiari buruz, testua irakurri baino lehen, zer dakigu? Gaiari buruz badaukagu iritzirik?

2. Irakurri bitartean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Erlojuz kontra" irakurtzeak pertsona batzuei laguntzen die arreta denbora jakin batean mantentzen.

Irakurri bitartean, mundu akademikoan eta pribatutasunean ere, irakurketa ahalik eta aktiboena sustatu beharko litzateke[28]. Irakasle batzuek kronometroa martxan jartzen dute ikaslea motibatzeko. Irakurtzeko lastertasunekin-eta estatistikak egiten dituzte gero. Ea irakurketa "entrenamenduekin" lasterrago eta ulermen hobeago lortzen ote den neurtzen ibiltzen dira.

Beste irakasle batzuek irakurketa kooperatibo estrategiak[29][30][31] erabiltzen dituzte. Esate baterako ikasle batek paragrafo bat irakurri eta beste batek ahoz laburtu, batek irakurri hurrengoak laburtu...

Irakurketa lantzeko hainbat teknika[32] edo estrategia[4][33] erabil daitezke. Irakurtzeko estrategiekin, erabiltzen diren testu motekin bezala, aniztasuna bilatu[32] behar dela esaten da.

3. Irakurri ostean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Testu bat lantzeko galdera mota asko egin daitezke. Egin daitezkeen galderekin bost talde egin izan dira.

Irakurri ostean ulermena norainokoa izan ote den ikusteko, egin diren inferentziak zuzenak edo okerrak izan ote diren ikusteko hainbat ekitaldi proposatu izan dira. Ikastetxeetan ohikoena izaten da irakasleek ikasleei galderak egitea[34] irakurketa prozesua biribiltzeko eta ebaluatzeko.

Testu bat noraino ulertu den ikusteko, oso ohikoak dira testuari buruzko galdera zuzenak[35]. Testuan dauden informazioak, iritziak, argudioak, definizioak, datuak... noraino harrapatu diren ikus daiteke honelako galderekin. Galdera irekiak izan daitezke, hutsunea betetzeko-edo, edota galdera itxiak (hautatu: A, B, C, D.). Paragrafo bakoitzeko ideia nagusia zein ote den galde daiteke, hitz pare bat azpimarratzeko eskatuz edo edo honelako galdera bat egin daiteke: lotu paragrafo bakoitza honako hitz batekin: SARRERA, TESIA, HIPOTESIA, ANTITESIA, ARGUDIO NAGUSIA, DEFINIZIOA, ADIBIDEA, ONDORIOA, SALBUESPENA...).

Testu baten ulermena lantzeko eta neurtzeko testuari buruzko galdera mota asko[36] egin daitezke. Galdetu daiteke testuan dagoen informazio zehatzei buruz, testutik ondorioztatu daitezkeen kontuei buruz galde daiteke, testuaren edukiez galde daiteke, testuaren formatuaz, testua eta alboko irudiak erkatzen duten galderak egin daitezke, etab. Testuan jorratzen diren gaiei buruzko iritziak edo azalpenak eska daitezke.

Irakurri ostean, solasaldi dialogikoa egin daiteke.

Irakurzaletasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irudian irakasle batek testu bat irakurtzen die ikasleei.

Irakurzaletasuna sustatzeko, aditu batzuen ustez, irakurketa bakardadean egin daitekeen jarduera izatetik irakurketa ekintza soziala[37] bihurtzera igarotzea da gakoa. Horretarako hainbat ekintza proposatu ohi dituzte mundu akademikokoek, eta kultura eragileek. Literatura solasaldi dialogikoak[38], irakurketa taldeak, liburuen erakusketak, idazleekin edo itzultzaileekin hitzorduak eta solasaldiak, liburutegietara txangoak, museoetara bisitak, komikien erakusketak, kodexen erakusketak, liburuen grabatu edo irudien erakusketak; idazle, editore edo kritikoen jendaurreko hitzaldiak; liburuen aurkezpen publikoak, etab.

Testu mota asko daude.[39] Askotariko testuak irakurtzeko ahaleginak egin behar dira, baita testu horiek lantzeko estrategia askotarikoak erabiltzeko ere.

Irakurtzeko testu mota asko daude eta euskarri asko ere bai. Normalean, baina, paperetik edo pantailatik irakurtzen dela esaten da. pantailatik irakurtzen diren testuak, gehienetan hipertestuak izaten dira. Testuaren formatuak, hein batean, baldintzatzen du irakurtzeko modua. Hipertestuak pantailatik irakurtzerakoan, errazagoa omen da prokrastinazioan erortzea.

Non eta nola irakurri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Neska bat liburu bat irakurtzen Leioako Liburutegi publikoan.
  • Bakardadean, lagunez inguratuta, norberak bere baitan, ahots gora?
  • Eserita, etzanda, mahai baten aurrean?
  • Isiltasunean, musikarekin?
  • Egunero leku berean, ordu berean?
  • Kronometroa martxan?
  • Paperetik, pantailatik? Bietatik aldi berean?
  • Arkatz batekin, markatzaile batzuekin, azpimarratzeko?
  • Hiztegi batekin?
  • Ordenagailu batekin irakurritakoan sakontzeko?
  • Liburutegian? Parkean? Ohean?

Irakurketa motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakurketa isila, azkarra, selektiboa, nahigabekoa...[40]

Irakurketa moduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakurketa fonetikoa, bikoteka irakurtzen...[41]

Testu mota asko irakur daitezke, euskarri askotan.
Ikerketen arabera, paperean irakurtzeak abantaila gehiago...

Paperean, eskuizkribuak, iragarkiak, hainbat formatu digitaletan irakur daiteke.[26] Paperean edo formatu digitalean, euskarrien arteko erkaketak egin izan dira.

« Irakurtzeko trebetasuna funtsezkoa da curriculumean ikaskuntza ona izateko, baina irakurtzen dugun euskarriak ere badu eraginik. Paperezko testuen irakurketa pantailetakoen irakurketa digitalarekin alderatzen dugunean, hainbat azterlanen emaitzek diotenaren arabera, paperean digitalean baino hobeto irakurtzen dugula. Denbora zenbat eta laburragoa izan orduan eta abantaila handiagoa paperarena da pantailen aldean, (Delgado, Vargas, Ackerman & Salmeron, 2018)]; izan ere, paperean eta digitalean irakurtzeko lastertasunean alderik ez dagoen arren (Clinton, 2018), irakurketa digitala ez da hain zehatza, eta ulermen txikiagoa dago (Lenhard et al., 2017). Pentsa genezake desberdintasun hori irakurtzen duen jendearen teknologiarekiko ezagupen faltaren ondorio dela, baina benetan kontrakoa gertatzen da: paperak pantailekiko duen abantaila handituz joan da urteetan zehar. Arrazoiek testu digitalaren berezko funtzionaltasunekin dute zerikusia, hasiera batean ideia ona ziruditenak (korritze-barrak, hipertestuak, etab.), praktikan asko zailtzen dute irakurritako testuaren azpiko egitura ezagutzea. (Cataldo & Oakhill, 2000; DeStefano & LeFevre, 2007; Mangen et al., 2013). »

—FECYTedu (2021): "Las redes sociales y las TIC en el aula".[42]

Irakurtzeko gaitasuna ebaluatzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irakurtzeko gaitasuna neurtzen duen errubrika bat. (Heteroebaluazioa).
Testu labur baten ulermena neurtzeko AUTOEBALUAZIO errubrika.

Curriculumeko ebaluazio-irizpide eta adierazleek gidalerroak ematen dituzte irakasleek, berek aukeratutako dituzten tresnen bidez (laburpenak, eskemak, buru-mapak, galdetegiak…), ikasleen prozesua eta aurrerapena baloratzeko. Ikastetxe barruko prozesua da[43].

Irakurle batek zenbat denbora behar duen irakurtzeko eta zelako ulermen maila daukan ebaluatzeko hainbat teknika erabili izan dira.

Neurtu behar da irakurleak zelako gaitasuna daukan testuan informazioa bilatzeko eta testutik informazioa behar bezala sailkatzeko, ulertzeko, berrerabiltzeko. Neurtu behar da irakurleak zelako gaitasuna daukan testutik inferentzia (logika) egokiak egiteko, testutik ondorio egokiak ateratzeko. Neurtu behar da irakurleak zelako jarrera kritikoa daukan, zelako gaitasuna daukan egia-gezurra-iritzia bereizteko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ «Gogoeta egiteko: testuak ulertzen laguntzeko gakoak - ikasgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  2. ↑ Apraiz, Maribi. (2018-06-21). Irakurketa lantzen gure ikastetxeetan. Zer egin? Nola jardun?. (kontsulta data: 2019-01-08).
  3. ↑ (Gaztelaniaz) Paulo Freire: La importancia de leer y el proceso de liberación. (2004: 16. edizioa). Siglo XXI editores. (Itzul: Stella Mastrangelo). Noiz kontsultatua: 2019-02-22.
  4. 1 2 3 «Irakurketa-estrategiak lantzeko - ikasgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  5. 1 2 «Zer irakurri? Askotariko testuak - ikasgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  6. ↑ «Irakurketa-prozesuak lantzeko - ikasgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  7. ↑ «Nola presta dezakegu irakurketa plana? - ikasgunea» irakurgune.hezkuntza.net (kontsulta data: 2019-01-08).[Betiko hautsitako esteka]
  8. ↑ EAEko Irakurketa Plana. 2018.
  9. ↑ «EAEko ikastetxe batzuen Irakurketa Planak. Eleaniztasunerantz proiektuaren baitan 19-20.» irakurgune.euskadi.eus (kontsulta data: 2020-11-04).
  10. 1 2 EAEko Berritzegune Nagusia. «Irakurketa lantzeko orientabideak - PDF» nagusia.berritzeguneak.net (kontsulta data: 2019-01-16).
  11. ↑ «B05 Ortuellako Berritzeguna: Bikoteka IRAKURKETA LANTZEN» sites.google.com (kontsulta data: 2019-01-31).
  12. ↑ «Bikoteka irakurtzen» www.kuetoeskola.com (kontsulta data: 2019-01-12).
  13. ↑ «Tertulia dialogikoak» www.alkartasunalizeoa.eus (kontsulta data: 2019-01-12).
  14. 1 2 «Zer egin? Askotariko jarduerak - ikasgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  15. 1 2 «Irakurketarako konpetentziaren definizioa - Irakurgunea» Irakurgunea (kontsulta data: 2026-03-26).
  16. 1 2 3 «Irakurketa digitalerako konpetentzia - Irakurgunea» Irakurgunea (kontsulta data: 2026-05-31).
  17. 1 2 «Literaturaren irakurketarako konpetentzia - Irakurgunea» Irakurgunea (kontsulta data: 2026-05-31).
  18. ↑ «Ekintza-ardatzak - ikasgunea» irakurgune.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).
  19. ↑ (Gaztelaniaz) UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra - Cátedra de Cultura Científica de la UPV/EHU. (2018-11-29). Joana Acha: “La adquisición de la lectura desde la evidencia científica”. (kontsulta data: 2019-03-18).
  20. ↑ «Irakurtzen ikastea - Irakurgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-02-12).
  21. ↑ (Gaztelaniaz) Julián Palazón. «Método global vs. método fonológico. Enseñanza de la lectura y dificultades de aprendizaje» dificultadesespecificasdelaprendizaje (bloga) (kontsulta data: 2019-02-12).
  22. ↑ (Gaztelaniaz) UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra - Cátedra de Cultura Científica de la UPV/EHU. (2018-12-04). Marta Ferrero: ”Educación basada en la evidencia: retos y propuestas de mejora”. (kontsulta data: 2019-03-18).
  23. ↑ Uribe-Kosta BHI & B01 Berritzegunea. «Irakurketaren Ulermena Lantzeko Estrategiak» Scribd (kontsulta data: 2019-03-15).
  24. ↑ «Ikasteko irakurri - ikasgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  25. 1 2 (Gaztelaniaz) Daniel, CASSANY. (2019). Laboratorio lector. Ed. ANAGRAMA ISBN 8433964305. PMC 1078567272. (kontsulta data: 2019-02-26).
  26. 1 2 Irakurketa digitalerako konpetentzia. Irakurgunea.eus.
  27. ↑ «Irakurketa lantzeko baliabideak. Didaktika baliabideak.» Nafarroako Hezkuntza Saila (kontsulta data: 2019-12-17).
  28. ↑ «Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua 18-19 eta Irakurketa Plana LH + DBH (8 saioko mintegia)» sites.google.com (kontsulta data: 2019-05-21).
  29. ↑ «Idatzizko komunikazioa lantzeko baliabide eta orientabideak. - Lehen Hezkuntza 2.0» sites.google.com (kontsulta data: 2019-03-26).
  30. ↑ «Ikasketa kooperatiboa: irakurtzeko estrategiak lantzeko baliabide - Irakurtzeko gaitasuna garatzeko bideak» sites.google.com (kontsulta data: 2019-05-02).
  31. ↑ «Bikoteka irakurtzen - Irakurtzeko gaitasuna garatzeko bideak» sites.google.com (kontsulta data: 2019-05-02).
  32. 1 2 «Nola landu hau guztia? Irakurketa erak - ikasgunea» ikasgunea.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).[Betiko hautsitako esteka]
  33. ↑ Nafarroako Hezkuntza Saila. «Irakurketaren ULERMENA (Aurkibidea)» dpto.educacion.navarra.es (kontsulta data: 2019-03-22).
  34. ↑ Uribe-Kosta BHI & B01 Berritzegunea. «Galdera motak_» Scribd (kontsulta data: 2019-03-26).
  35. ↑ «Gíglico - Gigliko» Scribd (kontsulta data: 2019-12-05).
  36. ↑ Uribe-Kosta BHI & B01 Berritzegunea. «Galdera Mota 5 EREDU 5 galdera mota» Scribd (kontsulta data: 2019-03-27).
  37. ↑ «La lectura como actividad social. La lectura crítica - Irakurtzeko gaitasuna garatzeko bideak» sites.google.com (kontsulta data: 2019-03-26).
  38. ↑ Miren Billelabeitia Bengoa. Anton González. IES Mungia BHI. Adela Fernández. Getxoko Berritzegunea.. «Solasaldi literarioak. Gure ikastetxeko esperientzia - Irakurtzeko gaitasuna garatzeko bideak» sites.google.com (kontsulta data: 2019-03-26).
  39. ↑ Literaturaren irakurketarako konpetentzia. .
  40. ↑ «Irakurketa motak» Genially (kontsulta data: 2026-04-15).
  41. ↑ «Irakurketa moduak» Genially (kontsulta data: 2026-04-15).
  42. ↑ (Gaztelaniaz) ana.guillamon_378. (2021-04-11). «Las redes sociales y las TIC en el aula» FECYT (kontsulta data: 2024-02-03).[Betiko hautsitako esteka]
  43. ↑ EAEko Berritzegune Nagusia. «Ikasleen irakurtzeko konpetentzia ebaluatzeko - ikasgunea» irakurgune.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-03-14).
  44. ↑ (Gaztelaniaz) Daniel,, Cassany,. En_línea : leer y escribir en la red. (Edición en formato digital. argitaraldia) ISBN 9788433933966. PMC 991971941. (kontsulta data: 2019-02-26).
  45. ↑ 1961-, Cassany, Daniel,. (2013). Tras las líneas : sobre la lectura contemporánea. (1ª ed. en "Compactos". argitaraldia) Anagrama ISBN 9788433977168. PMC 864200847. (kontsulta data: 2019-02-26).
  46. ↑ (Katalanez) Daniel,, Cassany,. Laboratori lector : per entendre la lectura. (Primera edició. argitaraldia) ISBN 9788433915603. PMC 1055885240. (kontsulta data: 2019-02-26).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]