Ourea
| Ourea | |
|---|---|
| Greziar mitologia | |
| Ezaugarriak | |
| Sexua | gizonezkoa |
| Familia | |
| Ama | Gaia |
| Anai-arrebak | Urano |
Ourea (antzinako grezieraz Oὔρεα, Úrea; eta Montes latinez) Greziar mitologian, mendien pertsonifikazio maskulinoak ziren, jatorrizko jainkoak (protogenoi).[1] Substantiboa, poesian, joniar dialektoari dagokio, eta οὔρος (oúros) edo ὄρος (óros) hitzetik eratorria da, «mendia, muinoa».
Hesiodoren testuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ourea, kolektibo gisa, iturri bakar batean aipatzen dira, Teogonian, non Gearen (Lurraren) ondorengoak eta Urano (Zerua) eta Pontoren (Itsasoa) anaiak zirela esaten den, lehen garaitako jainkozko izaki motak. Mendiak, arte klasikoan, mendiaren tontorrean igotako agure bizardun gisa (gizon bizardunak bi tontorren artean, mendi-lepo batean, partzialki agertzen zena)[1] irudikatzen ziren noizean behin. Hesiodok ez ditu indibidualizatzen, ezta izenez aipatzen ere; kolektibo gisa baino ez ditu aipatzen:
«Geak Urano izartsuaz erditu zen lehenik eta bere neurri berberak eman zizkion, alde guztietatik bere gorputza babes zezan eta hala, jainko zoriontsuentzat beti egoitza segurua izan zedin. Mendi handiez ere erditu zen, jainkosen bizileku zoragarria, basoz beteriko mendietan bizi diren ninfak. Berak ere Pontoz, olatu astinduen aintzira antzuaz, erditu zen, hartara, merkataritza atsegina ez zegoenean».
Mendiak mitografian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apoloniok bere narrazio kosmogonikoan sartzen ditu, baina elementu bizigabe gisa:
«Kantatzen zuen nola lurra, zerua eta itsasoa, lehen forma bakar batean nahasiak zeuden, baina diskordia gaizto baten ondorioz bakoitza bere aldetik sakabanatu zen; eta nola eterrean betiko finkaturik duten ilargiak eta eguzkiak beren bidea eta izarrek beren lekua; eta mendiak nola sortu ziren eta nola sortu ziren ibaiak zaratatsuak, beren ninfa eta animalia guztiekin».[2]
Ovidiok Fetonek eragindako suteak hartutako mendi ospetsuen zerrenda bat ematen du:
«Basoak erre egiten dira mendiekin batera, Ziliziako Atos eta Taurus, Tmolo eta Eta, eta orduan lehorra zen Ida, baino lehen iturriz oso ugaria zena, eta dontzeilen Helikon, eta Hemo, oraindik Eagro-rena ez zena. Sutan dago Etnak bi sutez, barrukoa eta kanpokoa, eta bi gailurreko Parnaso, eta Erice, Kyntho mendia eta Otris, eta elurrik gabe geratu zen Rodope, eta Mimante, Dindimo, Mikala eta Ziteron erritu sakratuentzat egina dagoena. Eta ez dute Eszitia babesten bere hotzek; Kaukasoak su hartzen du, eta Osak Pindoarekin batera, eta Olinpok, aurreko biak baino handiagoa, eta Alpe gorenak, eta Apeninoek, hodeiez estaliak».[3][4]
Ovidiok dio, era berean, Medea "aztiak" indar nagusiei dei egin ziela bere magia gidatzeko:
«Gaua, sekretuen zaindari leiala, izar urreztatuak, ilargiarekin batera eguneko suen ondoren datozenak, eta zu, Hekate hirukoitza, gure proiektuen konplize gisa agertzen zaretenak eta magoen sorginkeriaren eta artearen laguntzaile zaretenak, eta zu, Lurra, magoei belar ahaltsuak ematen dizkiezunak; haizekirriak, haizeak, mendiak, ibaiak, lakuak, basoetako jainko-jainkosa guztiak (di omnes nemorum), gaueko kainko-jainkosa guztiak, lagun nazazue!».[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 «OUREA - Greek Primordial Gods of the Mountains (Roman Montes)» www.theoi.com (kontsulta data: 2026-05-17).
- ↑ Apolonio Rodasekoa, Argonautikak, I, 498
- ↑ Ovidio: Metamorfosiak, II 216-226
- ↑ Fábula primera. Faetón sube al palacio del sol, y consigue gobernar su carro por un día, Metamorfosis. Francisco Crivellen gaztelaniazko itzulpena, 1805, Madril: Imprenta Real. Project Gutenberg
- ↑ Ovidio: Metamorfosiak, VII 192-199